Urriaren 11ra arte, igandea, Euskalaridok Geologia eta Meatzaritza Ondareari buruzko Nazioarteko Kongresuaren 21. edizioan parte hartuko du. Kongresua Bilbon egiten ari da (Bizkaia Aretoko paraninfoan), “Meatzaritza Euskadin, artxibo geologiko biziak” izenburupean, eta Estatuko, Europako Erkidegoko (Portugal eta Frantzia, batez ere) eta Iberoamerikako geografiako hainbat tokitako adituak biltzen ditu.

Konferentzien, komunikazio zientifikoen, argitalpen-aurkezpenen, poster-saioen eta dibulgazio-jardueren bidez, biltzarrak gogoeta interesgarriak biltzen ditu eta hainbat gai jorratzen ditu: arkeologia eta meatzaritzaren historia; geologia-ondarearen babesa eta kontserbazioa; meatze-inguruneetako natura eta ekosistemen lehengoratzea; geologia-, meatzaritza- eta industria-ondarearen balioa nabarmentzea; eta meatze-eremuetako biodibertsitatearen eta natura-ondarearen kontserbazioa. Gainera, topaketaren barruan, Geologia eta Meatzaritza Ondarearen Defentsarako Espainiako Elkartearen XXV. Saio Zientifikoa ere egingo da.

Topaketa dela eta, Euskalaridok partekatu eta hedatu egin du bere “Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erauzketa-sektorean natura-ondarea kudeatzeko eta kontserbatzeko gida”, arlo horietako inguruan egindako bere lana biltzen duena.

Geologia eta Meatzaritza Ondarearen Defentsarako Espainiako Elkarteak (SEDPGYM) antolatu du kongresua, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) eta Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) lankidetzan. Gainera, Euskalarido eta beste euskal erakunde eta entitate batzuk, hala nola Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta Bilboko Udala, elkarlanean ari dira aurtengo edizioan, Bilbo eta bere inguruaren “meatzaritzako tradizio zabalari” balioa ematen duena. “XIX. eta XX. mendeetan modu intentsiboan garatua”, zehazten du programak, “jarduera horrek positiboki baldintzatu zuen euskal lurralde osoko eta inguru hurbileko bilakaera soziala eta ekonomikoa”. Horregatik, “azpimarratzekoa da Euskadik ondare-intereseko gune gisa duen garrantzia, bai alderdi geologikoan, bai meatzaritzan”, nabarmentzen du, baie eta lurraldean dauden “ondare-intereseko elementu asko”.

Euskal adibideak

Kongresuaren barruan, hainbat toki bisitatuko dira, eragin eta ondare horien erakusleak: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Gallarta), Pobaleko burdinola (Muskiz) eta Zugaztietako aire zabaleko meatze-gunea (urriaren 8an, osteguna); eta baita Gernikako ingurua ere, “gorri ereñoaren” sehaska ezagutzeko, eta bertako Santa Klara komentuan “gorri ereño” hori ondarean nola erabili den ikusteko (urriaren 11n, igandea). Gainera, itsasontziz egindako bisita gidatu batek, Iñaki Uriarteren eskutik, “Bilboko itsasadarreko industria eta meatzaritza ondarea” ezagutzeko aukera emango du urriaren 10eko arratsaldean.

Topaketan zehar, beste lan batzuen artean, “Euskadiko Geologia eta Meatzaritza Ondarea” izango da protagonista, urriaren 9ko arratsaldeko hitzaldi gonbidatuan, Alex Franco San Sebastianen (EEE eta SEDPGYM) eta Jesús María Esteban Arisperen (EEE) eskutik. Gainera, Arabako Foru Aldundiak mahai gainean jarriko du Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatze-paisaiak lehengoratzeko azken urteotan egin duen lana, zehazki, Luzia meategian, “Euskal Herriko baliabide geologiko berezienetako batean”.

Txoritokieta eta San Marko mendietako (Gipuzkoa) kareharri gorria eta Mañariako harri-lorategia (Bizkaia) izango dira ondarea balioesteko Euskadin egindako lanaren beste adibide batzuk, eta turismo zientifikoan izango dituen ondorioak ere aztertuko dira.