Telefono mugikorra lankide banaezina bihurtu da eguneroko bizitzan, baita lan-bizitzan ere. Enpresa-inguruneetan, izan ere, komunikazio operatiboa, zereginen koordinazioa eta, askotan, dokumentazio teknikoa eskuratzea errazten du. Baina behar bezala erabiltzen ez denean, distrakzio-foku bat ere izan daiteke, eta, beraz, laneko segurtasunerako mehatxua; batez ere, meatzarien moduko inguruneetan, eta, zehazkiago, zirkulazioko eta lan aktiboko eremuetan, gertakari eta istripu larriak eragin baititzake.

Hori dela eta, Euskalaridok, Agregakinen Federazioaren (FdA) kidea den heinean, bat egin du horrek abian jarritako kontzientzia-kanpainarekin. Bertan, irizpide praktikoak eskaintzen dira eta mugikorra era suguruan eta arduratsuan erabiltzeko garrantzia azpimarratzen da; beti ere, agregakinen ustiategietako ekoizpen-jarduerarekin bateragarria den erabilera, hain zuzen ere.

“Prebentzioko esperientziak eta eskuragarri dauden ebidentziek erakusten dute distrakzioa faktore errepikakorra dela laneko gertakarietan, eta mugikorrak handitu egin dezake, erakunde osoak partekatutako jarraibide argirik ez badago”, nabarmendu du FdA-k. Agregakinen sektoreak “kultura prebentiboa indartzeko eta ezbehar-tasa murrizteko” egiten duen “etengabeko” lana gogorarazi du Federazioak; konpromiso horren barruan, dei egin du lan-ildo horretan jarraitzeko eta “eguneroko ohiturei lotutako arrisku berriei, edo gero eta handiagoak direnei, heltzeko, hala nola mugikorraren erabilerari”.

Kanpainaren bidez, hainbat material jarri dira enpresen eskura (informazio-fitxa, kartelak eta bitarteko digitaletarako euskarriak). Material horiek lantokietan zuzenean zabaldu ahal izateko diseinatu dira, eta esteka honen bidez daude eskuragarri.

Euskalaridok kanpaina hau ezartzera eta barruan zabaltzera animatzen ditu enpresa elkartuak, haien ohiko kanalen bidez (oholak, segurtasun-hitzaldiak, langile berriei harrera egiteko hitzaldiak, koordinazio-bilerak, etab.). Eta gogorarazi du “segurtasuna erantzukizun komuna” dela, eta enpresen lankidetza “funtsezkoa” dela “ekimen honek ahalik eta irismen handiena izan dezan”.